11. MUGAZ GAINDI | Kultura, hizkuntza eta kantua
Mugari begira
Aritz Ganboak Isturitzeko kobazuloetatik pasatzen da, Europako musika-tresna zaharrenak aurkitu diren lekutik, eta handik Ezterenzubira iristen da, Eñaut Etxamendiren etxera, mugarriak etxetik ikusten diren lekura. Ez Dok Amairuko kideak muga militarizatu bat ezagutu zuen haurtzaroan —gudari bizkaitarrak pilotan, ihesi zebiltzan apaizak—, baina baita mugaren gainetik bizi zen euskara bat ere.
Ama kantariaren bertso-koadernoetatik Ez Dok Amairura, eta Iholdiko toberetara: errotari baten alde eta espekulazio turistikoaren aurka, herri batek antzerkia eta kantua erabili zituen, eta irabazi egin zuen. Euskalkiak, kantua eta emozioa, mugen gainetik: “horiek guztiak gu dira”. Egunaren amaieran, ardi-borda batean, Mikel Negelua artzainaren etxaldean.

















