Donostian “ehiza arrazista” salatu dute; alkateak gertatutakoa ikertzen ari direla esan du
Gizartea
Udane Arbeo Astigarraga
Donostian uda honetan bigarren migratzaile bat tirokatu dutela salatzeko elkarretaratzea egin dute, eta udalak ikertzen ari direla erantzun du. Harrera Sareak deituta, dozenaka lagun elkartu ziren astelehen arratsaldean Blas de Otero plazan, pertsona migratzaileen aurkako “ehiza arrazista” gaitzesteko. Irailaren 10ean, jatorri magrebtarreko gazte bati hiru tiro egin zizkioten Egiako Mandasko Dukearen pasealekuan, aire konprimituko arma batekin. Donostiako alkate Jon Insaustik adierazi du Udaltzaingoa eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari direla. Ikerketaren ondoren zehaztu beharko da, alkatearen arabera, tiroketan gorroto-deliturik egon den ala ez. Insaustik, halaber, zauritua babestuta eta zainduta dagoela esan du, eta argi adierazi du: "Donostian, ororen gainetik, gorrotoak ez du lekurik".

















