EH Bilduk Iruñean ospatuko du Aberri Eguna apirilaren 5ean
Gizartea
Leire Llano eta Gaizka Leitza
Astelehen honetan EH Bilduk prentsaurrekoa eman du Iruñean, apirilaren 5ean, ospatuko duen Aberri Egunaren egitaraua aurkezteko.
Miren Zabaleta koalizio subiranistako Nafarroako arduradun politikoak eta Joseba Asiron Iruñeko alkateak eman dituzte adierazpenak. ‘7ak bat egin’ lelopean ospatuko da eguna, “izan ere, herri bat garela, herri guztiek dituzten eskubideak ditugula eta libre izan nahi dugun herria ere bagarela aldarrikatuko dugu” adierazi du Zabaletak. Euskal herritarrei deia luzatu die EH Bilduk “faxismoari aurre egiteko, euskal herritarren bizi baldintzak duintzeko eta eskubide sozialak bermatzeko eta oldarraldi judizial, mediatiko eta politikoaren aurrean euskararen biziberritzea eskatzeko”. Asironek adierazi duenez, “Iruñea, Aberri Egun honetan, inperialismoaren aurkako eta bakearen aldeko aldarria izango da berriro ere”.
Zabaletak azaldu duenez, “eguerdiko 12:00etatik aurrera Golemetik abiatuko da manifestaldia eta Antoniuttin bukatuko da. Horren ondoren kale animazioa egongo da alde zaharrean eta erdigunean eta arratsaldeko 16:00etatik aurrera adin guztietarako egitaraua izango da: umeen gunea irekiko da Burgoen enparantzan eta kontzertuak egongo dira Gaztelu plazan. Bele, Marte Lasarte eta Tapia eta Leturia.

















