Skip to main content

EHZ jaialdiko artisten zerrendan izen berriak

Gizartea

gaizka leitza eta leire llano

2026, api. 17 - 14:04

Hilabete hasieran EHZ jaialdiko artisten zerrendara beste izen batzuk batu direla iragarri du festibalak bere sareetan. Aurten ere 3 eguneko formatuarekin jarraituko du jaialdiak eta Arberatze Zilhekoan ospatuko da. Merina Gris, Bele eta Silitia taldeei Anestesia, Jonkass eta Niko Etxart batu zaizkie kartelera, beste batzuen artean. Bilaka kolektiboaren ‘Dirau’ eta Maitane Sarralderen ‘Madre Perla’ dantza ikuskizunetara ‘Eta Orai Zer’ ikusgarria gehitu da eta La Patina txaranga, besteak beste, herriko kaleak animatzen egongo dela ere iragarri dute. Gainera, Zpeiz Mukaki dantza taldeak bere 20.urteurrena ospatuko du jaialdiarekin batera.


Aisialdiaz gain gaurkotasuneko hainbat gai jorratzeko aukera ere egongo da hitzaldi eta tailerren bitartez eta nazioarteko egoeraz, euskararen eta adimen artifizialaren arteko harremanaz, kazetaritza deskolonialaz, lodifobiaz, laborantzaz eta transidentitatearen inguruan izango dira hitzaldi eta tailer hauek Mijo Lizarburu eta Naizen elkartearen eskutik, adibidez. Honekin batera 3 eguneko bonoen sarreren prezioa 53 eurora igo da maiatza hasierara arte.


Antolakuntzako kideek azpimarratu dute “ez dutela proiektuaren oinarria ulertzen guztiaren atzean dagoen laguntzaile sarerik gabe”. “aurten ere 600 txanda bete beharko dituztela edizioa aurrera ateratzeko eta maiatza hasieran irekiko dutela laguntzaileen izen-ematea web gunean” gehitu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista