Skip to main content

EiTBren zuzendaritzan C1 euskara maila izatea “komenigarria” da baina ez “beharrezkoa”

Gizartea

2025, mar. 27 - 12:03
EH Bilduk eskatuta, Eusko Legebiltzarreko EITBko Kontrol Batzordean agerraldia egin behar zuten EITBren Social Media eta 'eitb.eus'-eko zuzendariak eta EITBko Giza Baliabideen zuzendariak, baina ez dira azaldu. Andoni Aldekoa EiTBko zuzendari nagusia soilik mintzatu da.
Hark Nagore de los Rios EITB.eus eta Social Mediako zuzendari gisa kontratatzea defendatu du, nahiz eta euskarazko C1 hizkuntza-eskakizunik ez izan. Haren ustez, maila hori izateak “mugatu egin dezake hedabideen kudeaketan esperientzia handia duten profesionalak aukeratzea”.
LAB sindikatuak otsailean salatu zuen EITBk manipulatu egin zituela lan eskaintzaren oinarriak. Sindikatuak erakutsi zuen EITBk aldaketa bat egin zuela EITBren Social Media eta eitb.eus webguneko zuzendariaren lan eskaintzaren oinarrietan, urtarril hasieran euskarazko C1 maila izatea zen lehendabiziko baldintza, eta hurrengo oinarrietan ez zen halako betekizunik eskatzen. EiTBrentzat euskara funtsezkoa dela azpimarratu du eta beraien konpromisoa erabatekoa dela eta zuzendari batek C1a ez izateak ez duela esan nahi euskarari garrantzia ematen ez diotenik. EiTBko zuzendaritza gehienek euskararen ezagutza behar dutela azaldu du; eta kasu batzuetan, gutxitan, komenigarria izango litzatekeela, baina ez beharrezkoa: Hor kokatu du kasua.
Hamaika Telebista