Skip to main content

ELA eta LABek Torres lehendakariordearen “eraso antidemokratikoa” kritikatu dute

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 17 - 14:04

ELA eta LAB sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur, Mikel Torres lehendakariordeak iragarritako neurriak salatzeko. Sindikatuen arabera, Torresek egindako adierazpenek “eraso antidemokratikoa” suposatzen dute, eta erantzun bateratua eman nahi izan diote.

Azaldu dutenez, aste honetan lehendakariordeak iragarri du “ondorioak” egon daitezkeela ELAk eta LABek Eusko Jaurlaritzaren ekimenetan parte hartzen ez badute. Testuinguru horretan, bi sindikatuek salatu dute Jaurlaritzak haien ordezkaritza ahultzeko neurriekin mehatxatzen ari dela, nahiz eta EAEko ordezkaritza sindikalaren %60 baino gehiago izan.

Prentsaurrekoan kritikatu dute, halaber, Parte-hartze Instituzionalari buruzko lege-proposamena, “ziurrenik”, sumisio sindikala finantzaketa handiagoarekin sarituko duela, eta M17ko greba orokorra bultzatu zuten sindikatuak zigortu. Izan ere, legea Eusko Jaurlaritzak Confebask, CCOO eta UGTrekin bildu ostean aurkeztu duela azpimarratu dute.

ELAren eta LABen arabera, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian lortutako azken akordioak sindikalismo “otzanaren porrota” erakusten du, eta patronalaren interesak lehenesten ditu. Gogorarazi dute, gainera, gutxieneko soldataren inguruko eztabaidan, Patronalak ez ezik, Torresek ere behin baino gehiagotan uko egin diola haiekin biltzeari.

Azkenik, mehatxuak alde batera uzteko eskatu diote Jaurlaritzari eta prekaritatearen aurka benetako neurriak hartzeko, langileen aldeko gutxieneko soldata eraginkor bat ezarriz.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista