Skip to main content

Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon Martxa deitu du ‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’ lelopean

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, api. 28 - 14:04

Euskalgintzaren Kontseiluak Euskaltzaleon Martxaren kartela argitaratu du. Ekainaren 13an egingo du mobilizazioa Iruñean ‘Euskaraz bizitzeko behar den dena’ lelopean.

Kartela pasa den ostiralean aurkeztu zuten, Baionan egindako batzar nagusian. Azaldu dutenez, Kontseiluak egindako diagnostikoak euskararen etorkizunari buruzko “kezka eta larritasuna” agerian utzi ditu, eta ohartarazi du euskararen biziberritzearen aurkako oldarraldi antolatua dagoela.

Egoera horren aurrean, euskararen aldeko jauzia eta paradigma aldaketa beharrezkoak direla nabarmendu dute: Euskal Herri osoan ofizialtasuna lortzea eta hizkuntza politika publiko guztietan zeharlerrotasuna izatea.

Hala ere, azpimarratu dute euskararen normalizazioa eta biziberritzea ez direla soilik eremu instituzionalean erabakiko. Haien esanetan, gizartearen aktibazioa eta herritarren inplikazioa funtsezkoak dira euskaltzaletasuna indartzeko.

Horregatik, mobilizazioa deitu dute ekainaren 13an Iruñean Euskaltzaleon Martxa egiteko. Abenduan Bilbon piztutako diskurtsoari jarraipena emanez, bigarren Pizkunderako baldintzak aldarrikatuko dituzte, “euskaraz bizitzeko behar den dena” lortzeko bidean.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista