Euskalgintzaren Kontseiluak Hamaika kide ofizial izendatu du Baionako Batzar Nagusian
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Hamaika Euskalgintzaren Kontseiluko kide izendatu dute ofizialki. Ostiral honetan egin du erakundeak batzarra Baionan, eta bertan, aho batez bozkatu ondoren, ongietorria eman diote komunikabideari. Ainhoa Jauregi euskal hedabideko zuzendaria bertan izan da.
Hamaika euskarazko komunikazioaren aldeko apustutik sortu zen, eta gaur egun ere helburu argi horri eusten dio: euskarari ahotsa, presentzia eta espazio propioa ematea. Horretarako, gizartearen aniztasuna islatu eta komunitatea indartzea ditu ardatz.
Euskalgintzaren Kontseiluan parte hartzea, beraz, Hamaikak euskararen alde egiten duen lanaren aitortza da. Ainhoa Jauregik adierazi duenez, aitortza hau “ez da izapide hutsa izan”, Hamaikak urte luzez egindako "lanaren jarraipena eta konpromisoaren sendotzea" baizik.

















