‘Euskaraz bidea eginez’ kanpaina jarri du martxan Bilboko udalak, hiriko euskaltegietan matrikulazioa bultzatzeko
Gizartea
Uxue Garro Irastorza
Beste urte batez, Bilboko udalak hiriko euskaltegietan matrikulazioa bultzatzeko kanpaina jarri du abian. ‘Euskaraz bidea eginez’ lelopean, ekimenak udal zentro, ordutegi eta mailen “eskaintza zabala” nabarmenduko du, “gero eta euskaldunagoa den hiri batean aurrera egiteko”, udalaren esanetan.
Euskalduntze hori bultzatzearen bidean, Bilboko 17 euskaltegiz osatutako sareko matrikulazioa bultzatzeko laguntzak ditu hiritarrentzat eskuragai udalak.
Aipaturiko laguntzak diru-poltsa agortu arte emango ditu udalak eta, lortu ahal izateko, honako baldintzak bete beharko dituzte ikasleek: Bilbon erroldatuta egotea, gutxieneko azpimaila gainditzea eta klaseen %60ra bertaratzea behintzat. Pasa den ikasturteari dagokionez, 2.095 dirulaguntza banatu zituzten.
Kanpaina Bilboko auzo guztietan dago dagoeneko ikusgai, hainbat euskarritan, eta hilabete osoan zehar ikusi ahalko dute herritarrek, formatu eta espazio ugaritan: besteak beste, autobusetako markesinetan, udal kiroldegietan edota eskoletan, baita sare sozialetan edota hedabideetan ere.
Azkenik, matrikulazio kanpaina irailean zehar zentratuko badute ere, nahi duenak ikasturtean zehar edozein momentutan inskribatzeko aukera izango duela azpimarratu du Jon Maguregi udal euskaltegietako ordezkariak. Beti ere, taldeetan bete gabeko plazarik balego.

















