Euskarazko hedabideen elkarlana eta digitalizazioa sustatuko ditu Europak, Sarebide proiektuaren bidez
Gizartea
Sarebideren helburua euskarazko komunikabideen arteko elkarlana sustatzea, publiko berriengana iristea, edukiak eta baliabideak partekatzea eta digitalizazio prozesuak garatzea dira. Proiektu horretan elkarlanean arituko da Hamaika Telebista beste bost komunikabiderekin batera:Berria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Elhuyar eta Euskalerria Irratia.
Sarebide egitasmoak hiru urteko iraupena eta 2,6 milioi euroko aurrekontua izanen ditu. Horietatik, 1,7 milioi inguru finantzatuko dituzte Europako funtsekin.
Proiektuak Nafarroa-Euskadi-Akitania Berria euroeskualdearen finantzaketa jasoko du, Europako Batasunaren Interreg POCTEFA lankidetza programaren funtsen bidez. Zehazki, sei proiektu finantzatuko dituzte deialdi horren barruan: Hezhi, Sarebide eta Eusguneak, euskararen alorrean; Lanean, mugaz gaindiko enpleguari dagokiona; eta garraio jasangarriari lotutako bi: Mugaziklo eta Tranfermugi.
Guztira, 23 milioi euroko aurrekontua dute proiektuok, eta horietatik, 14,8 milioi finantzatuko dira Europako funtsekin.