Gipuzkoako Foru Aldundiak Andoainen A-15 eta N-1 errepideen lotura hobetzeko proiektua aurkeztu du
Gizartea
Eider Mendoza, Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Felix Urkola, Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako diputatuak aurkeztu dute proiektua. Diseinu berriarekin, errepidearen funtzionaltasuna eta gaitasuna nabarmen hobetzea aurreikusten da, zirkulazio arinagoa bermatuz eta afekzio gutxien eraginez.
Emandako datuen arabera, egunero 70.000 ibilgailu igarotzen dira tarte horretatik. A-15 errepidearen Astigarraga eta Andoain arteko zatian 37.000 ibilgailu ibiltzen dira batez beste egunero. Egitasmo berriarekin, trafikoa arindu nahi dute, eta 18.500 ibilgailu inguru kendu Astigarragatik hegoalderantz doan bidetik.
Ibilbide berria Atorrasagastiko tunelaren irteeran hasiko da eta bi erreiak mantenduko ditu Lasartetik datorren N-I errepidearekin bat egin arte. 700 metroko zubibide baten bitartez Oria ibaiaren eta N-1 errepidearen gainetik igaro eta bukaeran N-1 errepidearekin bat egingo lukeena. Lotune berriak bi erreiei eutsiko lieke, eta ibilgailuek zuzenean jarraituko lukete A-15etik N-1era.
Proiektuaren kostu-estimazioa 43 milioi eurokoa da, eta p proiektua 2025eko bigarren seihilekoan idatziko da, obren lizitazioa eta obren hasiera 2026an gauzatzea espero da.