Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari lanerako hizkuntza eskakizunak baliogabetu dituzte
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Asteazken honetan CCOOek jakinarazi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan deialdi bati lotutako hizkuntza eskakizunei jarritako helegitea onartu duela Donostiako epaitegiak. 2024ko urrian argitaratutako administrazio postu batean C2 euskara maila eskatzea “gehiegizkoa” dela salatu zuen sindikatuak, eta orain epaileak hizkuntza eskakizun hori baliogabetu du.
Sindikatuaren iritziz, “unibertsitate gradua eskatzen duten lanpostuetan ohikoa C1 maila eskatzea da”, eta “C2 maila hizkuntza-adituentzat soilik izan beharko litzateke”. Gainera, neurria “euskaraz ez dakitenentzat baztertzailea” dela uste dute, eta bestelako neurriak proposatu dituzte, besteak beste euskaltegien doakotasuna eta egiaztatze-sistema malguagoak.
Euskalgintzaren Kontseilua, ordea, erabakiaren aurka agertu da. Adierazi duenez, neurri honen baliogabetzea Aldundiaren “funtzionamenduan eta zerbitzu publikoetan euskararen sustapena eta normalizazioa kaltetuko ditu”. Hala, salatu dute “beste behin botere judizialak, hizkuntza-politika egiteko eskumena bereganatu eta baldintzatu nahi duela euskara gaztelaniarekin parekatu nahi izatea “gehiegizkotzat” joz eta euskara eta euskaldunak gutxietsiz”. Honen aurrean, gogorarazi dute, euskarak larrialdi egoera bizi duela, eta erabaki honek “atzerapausoak eta arriskuak” ekar ditzakeela.

















