Gladys del Estal tiro batez hil zutenetik 47 urte bete dira
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Asteazken honetan 47 urte bete dira 1979ko ekainaren 3an José Martínez Salas guardia zibilak Gladys del Estal tiro batez hil zuenetik. Urteurrena dela eta, omenaldia egin diote Tuteran eta Donostian larunbatean gauzatuko dute.
Tuteran egindako protesta baketsu batean gauzatu zuten aintzatespena, energia nuklearraren aurka eta Bardeako tiro poligonoaren kontrako mobilizazioan. Hiriko Ebroko zubian tirokatu zuten ekintzailea, eta leku berean egin diote aurten ere omenaldia, gertaeraren urteurrenean.
Tuteran ez ezik, Donostian ere egingo diote oroimen ekitaldia larunbat honetan. Gladys Gogoan eta Eguzki talde ekologistak antolatuta. Omenaldia Gladys Enea parkean izango da, baina deialdi bikoitza egingo dute: 11:30ean Boulevardean elkartuko dira txirrinduan parkera joateko, eta 12:00etan hasiko da ekitaldia bertan. Antolatzaileek adierazi duten bezala, “lore-eskaintza, aurreskua eta abestiak ez dira faltako”.
Honen harira, talde ekologistak azaldu du Gladys “laguna” eta “gure arteko bat” izan zelako gogoratzen dutela, baina baita zigorrik gabe geratu zen hilketa hura ezin delako ahaztu ere. Horrez gain, aurten jorratuko duten gaia energia nuklearra izango dela adierazi dute, eta hala, nabarmendu dute Gladys Tuterara eraman zuten arrazoiak oraindik ere indarrean daudela.


















