Ingurune digitalean adingabeak babesteko legearen aurreproiektua onartu du Espainiak
Gizartea
Ingurune digitalean adingabeak babesteko legearen aurreproiektua onartu du Espainiako Ministroen Kontseiluak. Arauaren testuaren arabera, mugikor, tableta, ordenagailu eta telebista guztiek fabrikan sartu beharko dute gurasoen kontrol digitalaren funtzioa, gurasoek edo tutoreek modu argian – hizkuntza-hautaketaren antzean- aktibatu ahal izan dezaten, adingabeei zer aplikazio, zerbitzu eta eduki mugatu erabakitzeko.
Halaber, esparru digitalean delituak gauzatzen dituztenentzat urruntze-agindu digitala aurreikusten du Ministroen Kontseiluak onartutako ekimenak, baita Zigor Kodea gaurkotzea ere. Hala, adimen artifiziala baliatuta eduki sexuala edo iraingarria duten irudi, bideo edo audio faltsuak irmo zigortu nahi ditu Espainiako Gobernuak.
Azaldu dutenez, beste neurri bat produktu digital guztien etiketak eta ohartarazpenak arautzea da, aplikazioetako adingabeentzat egokiak diren ala ez jakiteko.
Ministroen Kontseilura bidaltzen den aurreproiektuarekin batera, ingurune digitalek adingabeengan duten eraginari buruzko diagnostiko bat egiten da, Gazteria eta Haurren Ministerioak egina, adituen lehen ekarpenekin. Diagnostiko horren arabera, lehen mugikorra eskuratzeko batez besteko adina 11 urtekoa da; eta erabilerari dagokionez, nerabeen % 94,8k telefono mugikor bat dauka Internetekin, eta % 90,8 egunero edo ia egunero konektatzen da. Nerabeen erdiek asteburuetan egunean 5 ordu baino gehiago erabiltzen dute Internet, eta % 31,6k astegunetan.