Skip to main content

Iruñerriko kolektibo transfeministak kaleetan jasotako erasoei erantzun bateratua eman die

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, eka. 24 - 15:06

Iruñerriko kolektibo transfeministak eta Iruñerriko militante autonomoek hiriko kaleetan gertatzen ari diren erasoei erantzun kolektiboa eman diote asteazken honetan Iruñean.

 
Diskurtso erreakzionarioen gorakadaren testuinguruan, kolektiboak salatu du beren burua feministatzat duten sektoreek trans kolektiboarekiko gorroto-diskurtsoak zabaldu dituztela. ‘Gizonak ezin dira lesbianak izan’ leloa duten kartelak itsasi dituzte kaleetan. Kolektiboko kideen esanetan, kartel horien atzean dagoen ideia da trans emakumeak ez direla emakumeak, eta hori kromosomei erreferentzia eginez justifikatzen dute.

Kolektibotik beharrezkotzat jotzen dute egoera hau gizarte osora hurbiltzea, ez baita “trans pertsonen afera soilik, guztioi jotzen digun eskubideen urraketa eta atzerakada” baizik.

Kolektiboko kideek azaldu dute eraso transfobo horietako asko TERF izenekoen aldetik datozela. Haien esanetan, korronte honek bere burua feministatzat jotzen du baina trans pertsonak, eta bereziki trans emakumeak, “ezeztatu, jazarri eta patologizatzen” ditu. Trans emakumeak subjektu feministatik kanpo kokatzen dituzte, bazterkeria dinamikak sustatuz.

Kolektiboaren esanetan Iruñerrian Garenak bezalako elkarteak osatzen dituzte, eta urtero, ekainaren 20an, Trans Legearen aurkako elkarretaratzea antolatzen dute. Aurten, COMFINen, Nafarroako Berdintasunaren aldeko Emakumeen eta/edo Erakunde Feministen Koordinakundearen babesa jaso dute.Gainera, erakunde honek, Nafarroako Berdintasunerako Institutuarekin hitzarmen ekonomiko bat duela azpimarratu dute. Korronte honen diskurtsoaren ondorioak argiak direla adierazi du kolektiboak: jipoiak, irainak, jazarpena eta deslegitimazioa

Azkenik, kolektibotik aldarrikatu dute “inor atzean utziko ez duen erantzun transfeminista, antifaxista eta antolatu” baten alde egingo dutela.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista