Skip to main content

LABek 1894 sinadura bildu ditu Gimeno kontseilaria kargugabetzeko

Gizartea

Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano

2026, eka. 18 - 16:06

Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren kargugabetzea eskatzeko LABek 1894 sinadura bildu eta aurkeztu ditu asteazken honetan Iruñean. Sindikatuko hainbat kidek Gobernu delegaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute eta bertan aurkeztu dituzte sinadura guztiak. Sindikatuak adierazi du inolako aldaketarik ez badago irailean mobilizatzen jarraituko dutela.

Elkarretaratzean Gimenoren ibilbidea laburtu dute eta azpimarratu dute karguan daramatzan zazpi urte hauetan bere karguan dauden sektore guztiak “haserrarazi” eta bere kontra jarri dituela baita Nafarroako hezkuntza sistema “hankaz-gora” jarri duela ere. Sindikatuak adierazi du kontseilariak euskararen “kontra” egin duen guztia eta “aitzakia eta zirrikitu guztiak erabili dituela euskarazko irakaskuntzari trabak eta murrizketak jartzeko.”

LABen esanetan, egoera hau ez da oraingoa eta atzetik datorren zerbait da. Maria Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria jo dute egoera horren “erruduntzat”, berak mantentzen duelako Gimeno karguan eta, horregatik, berari exijitu diote Hezkuntza kontseilaria kargugabetu dezan. Are gehiago, salatu dute “hezkuntzak sustatzen dituen balio guztien aurka jotzen duen kontseilari batek ezin duela Hezkuntza Departamentuko arduradun izan”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista