Material didaktikoa argitaratu dute etxebizitzaren krisia lantzeko
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin
STEILAS sindikatuak eta Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak etxebizitzaren gatazka ikasgeletara eramateko programazio didaktikoa argitaratu dute, azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen alde egingo den greba orokorraren atarian.
Materialak hezkuntza etapa desberdinetara egokitutako jarduerak proposatzen ditu, etxebizitza krisiaren arrazoi sozial, ekonomiko eta politikoak aztertzeko, balizko konponbideak eztabaidatzeko eta ikasleen pentsamendu kritikoa sustatzeko. Bi erakundeen ustez, ikastetxeek funtsezko zeregina dute gizarte desberdintasunen inguruko hausnarketa bultzatzeko.
STEILASek eta Etxebizitza Sindikatuen Sareak salatu dutenez, etxebizitzaren prezioak % 35 igo dira Hego Euskal Herrian eta % 50 Ipar Euskal Herrian. Gainera, azken hamarkadan 20.000 etxegabetze judizial baino gehiago izan direla nabarmendu dute, eta etxerik gabeko pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen duela ohartarazi dute.
Horren aurrean, etxebizitzaren espekulazioa etetea, etxegabetzeekin amaitzea eta etxebizitza beharrizan sozialen arabera antolatzea aldarrikatu dute.
Ekimen honen bidez, hezkuntzaren eta etxebizitza eskubidearen aldeko borroken arteko loturak indartu nahi dituzte, ikasgeletan kontzientzia kritikoa eta kolektiboa sustatuz.

















