Skip to main content

Mendialdeko torturaren biktimak omentzeko aitortza ekitaldia egin dute

Gizartea

Ainhoa Lainsa Merino

2026, eka. 01 - 14:06

Igande honetan, Mendialdeko torturaren biktimak omentzeko aitortza ekitaldia egin dute Leitzan. Ekitaldia Egiari Zor fundazioak eta Nafarroako Torturatuen Sareak antolatu dute, “itzalpean gordetako egiari argia emateko” helburuarekin.
Bertan bildu dira torturaren biktimak, haien senideak, eskualdeko erakundeetako ordezkariak, Nafarroako Gobernuko Biktimen Arretarako Bulegoko ordezkaria eta herritarrak.

Lehen hitzartzea Jon Arangoak egin du, Anparo Arangoaren senideak. Kasu hori hizpide hartuta, tortura pairatu arren oraindik bizipen horiek kontatzeko gai ez diren pertsonei zuzendu zaie, eta bide horretan laguntza eta babesa eskaini dizkie.
Mendialdeko udalen izenean, Dabid Anaut Leitzako alkateak hartu du hitza. Torturaren eta tratu txarren biktima izan diren herritarrei eta haien senideei elkartasuna eta babesa adierazi die, eta azpimarratu du aurrerapausoak ematen ari direla egia, aitortza eta erreparazioa lortzeko bidean.

Ekitaldiaren antolatzaileek Anparo Arangoaren istorioa “torturaren aurkako sinbolo” gisa aurkeztu dute. Honen aurrean, gogorarazi dute ez dela kasu isolatua, eta azken hamarkadetan Mendialdean 50 tortura kasu baino gehiago identifikatu dituztela. Hala, urteetan isilean gordetako mina partekatzera eta gertatutakoa argitara ateratzera dei egin dute, haien hitzetan, “minak lotu gaitu, baina min horrek egia askatzera garamatza”.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista