Nafarroako hezkuntza komunitateak lan baldintzen "hobekuntza" eskatu du
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Nafarroako hezkuntza komunitateak Carlos Gimeno kontseilariak kargua uzteko eskaera luzatu du Iruñean, ‘Gimeno kanpora’ lelopean eginiko manifestazioaren bidez. LAB sindikatuak eta Ikamak deitu zuten mobilizazioa.
LABeko ordezkariek azaldu dute hezkuntzako langileek “ezin dutela gehiago”: lan karga gero eta “handiagoa” eta “konplexuagoa” baita; baliabideak, “eskasagoak”; lan baldintzek ez dute bat egiten eskakizunekin; ratioak, “eutsiezinak” direla diote, ikasgelen errealitatea ikusita; eta elkarbizitza arazoak dituztela, gero eta “nabarmenagoak” direnak.
Ordezkariek nabarmendu dute zazpi urtez jarrera berdina mantentzen ari den kontseilaria dagoela: “entzungor, begi-bistakoa dena ukatzen duena, negoziazio aukera guztiak baztertuz, eta Hezkuntza Departamendua harropuzkeriaz eta autoritarismoz gidatzen duena.”
Egoera horren aurrean, LABek departamenduari eskatu dio “langileekin esertzeko, haiei entzuteko eta dituzten beharrei erantzuteko” . Eta horregatik oroitarazi du maiatzaren 28an lau orduko lanuztea egingo dutela Nafarroako Gobernuari eta Parlamentuari langile publikoen estatutu berria atzera bota dezatela “atzerapen handia ekarriko baitu lan-eskubideei dagokionez.” Egun horretako manifestazioa eguerdiko 12:00etan abiatuko dute Hezkuntza Departamendutik eta Nafarroako Jauregiaren aurrean amaituko dute.

















