Nafarroan uda pasako duten haur sahararrak iritsi dira
Gizartea
Gaizka Leitza Alduncin eta Leire Llano
Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakariak harrera egin die astelehen honetan Oporrak Bakean proiektuan parte hartzen ari diren 101 haur sahararrei, eta eskerrak eman dizkie familiei beren "ahaleginagatik eta konpromisoagatik". Nafarroak Sahararekin duen “elkartasunaren eta babesaren” adibide direla azpimarratu du, eta gehitu du Saharako herriak jasaten duen egoera humanitario larriari aurre egiteko irtenbide “bidezko eta iraunkorra” behar dela.
Bere aldetik, Hamdi Aomar Ahmed Saharako Arabiar Errepublika Demokratikoak Nafarroan duen ordezkariak nabarmendu du “elkartasunaren adibide handienetarikoa” dela Oporrak Bakean programa, eta Carolina Garcia Sahararen Lagunen Nafarroako Elkarteko ordezkariak ere eskerrak eman dizkie haur hauek haien etxean hartzen dituzten familiei, beraiek gabe ez litzatekeelako posible izango proiektu hau aurrera ateratzea.
Era berean, Hamdi Aomar Ahmedek salatu du Naama Asfari saharar preso politikoak 41 egun daramatzala gose greban, eta bere premiazko askatasuna, berehalako mediku arreta eta bere familia eta abokatuarekin komunikatzeko aukera eman diezaiotela eskatu du.
Presoek espetxean jasaten dituzten bortxaketak salatzeko eta preso saharar guztien berehalako eta baldintzarik gabeko askatasuna eskatzeko hasi zuen gose greba, baita saharar presoak Mendebaldeko Saharako espetxeetara lekualdatu ditzatela eskatzeko ere.

















