Preso dauden erditu berriko amei ematen zaien tratu-txarra salatu dute
Gizartea
Asier Errasti
ESIren protokoloa berehala bertan behera uzteko eskatu dute Txagorritxuko ospitale parean egindako prentsaurrekoan.
Ospitaleko protokoloak ezartzen duenez, espetxean dagoen emakume batek haurra izaten duenean, jaioberria amarengandik banandu eta Jaioberrien Unitatean ingresatu behar dute. Baina, 2026ko martxoan onartutako dokumentuaren arabera, espetxe-unitateak ez ditu betetzen jaioberriak bizitzako lehen 24 orduetan behar dituen zaintza eta gainbegiratze baldintzak.
ESK eta Salhaketaren ustez, arazoa ez da amaren espetxe-egoera, ospitalearen antolakuntza baizik. Izan ere, ospitaleak bere erantzukizuna amen eta haien haurren gain uzten duela adierazi dute.
Gainera, erditu ondoren amak haien haurrengandik bereizi bezain laster, hauek espetxera itzuli behar dutela azaldu dute. Eta Zaballako espetxera bueltatzean, jaioberria alta-egunean noren esku utziko den zehazten duen dokumentua sinatzera behartzen dituzte.
ESK-k eta Salhaketak neurri horiek “krudelak eta gizagabeak” direla salatu dute, eta preso dauden amen eta haien haurren eskubideak errespetatzeko eskatu dute.

















