Sindikatu guztiek utzi dute Osakidetzako mahai sektoriala
Gizartea
Leire Llano eta Gaizka Leitza
LABek eta SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak Osakidetzako mahaia sektoriala utzi dute. Salatu dute “kolektibo guztien ahotsa entzun gabe” sinatu dutela akordioa Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta SME Euskadiko Sendagileen sindikatuak. Gainontzeko sindikatuek ere erabaki hori babestu dute eta negoziazio mahaia utzi dute, SMEk izan ezik.
Alberto Martinez Osasun sailburuak Osakidetzako gatazka konpontzeko nahia nabarmendu du, eta hori medikuekin batera egingo duela adierazi du. Martinezen esanetan, oraingo zaintza eredua aldatu behar da, baina sindikatuek salatu dute aldaketak medikuei soilik proposatu dizkiela eta ez duela aintzat hartu osasun sistema osoa. Hain zuzen, SATSEk salatu du medikuen grebak eragindako presioagatik proposatu dituela aldaketak Osasun Sailak, baina medikuei bakarrik zuzendutako neurri ekonomikoak direla. Era berean, LABek Osasun Sailari ohartarazi dio arazoa “estrukturala” dela eta proposamena ezin zaiola sektore osoaren zati bati proposatu. Hain zuzen, akordioa Osakidetzako langileen %10,48k babestu dute soilik.
Guardien baldintzak hobetzea da Osasun Sailak proposatu duen aldaketetako bat, eta medikuek guardiak zatitzeko aukera izango dute. Alde batetik, aste barruko guardia egunetan goizean lanik ez egitea erabaki ahal izango dute, eta lanaldi hori arratsalde batez errekuperatzea; bestetik, asteburuko guardiak hamabi orduko bi guardietan zatitu ahalko dituzte.
Osakidetzako langileak greba mugagabera deituta daude irailetik aurrera, eta ikusiko da akordio honek horren eragina apaltzen duen.

















