Skip to main content

Suizidioa Euskal Herrian heriotza ez naturalen eragile nagusietako bat da

Gizartea

Maite de Felipe Suso

2026, ira. 10 - 12:09

Suizidioa Euskal Herrian heriotza ez naturalen eragile nagusietako bat da eta, beraz, lehen mailako arazoa. Irailaren 10ean Suizidioa Prebenitzeko Munduko Eguna dela eta, EITB Datak egindako ikerketen datuak ezagutarazi dituzte.
Datuen arabera, EAEko eta Nafarroako suizidio tasa 100.000 biztanleko zortzi heriotzakoa da. Gainera, azken urteetan zifra horiek “gutxi” aldatu direla baieztatu dute.
Genero ikuspegiari dagokionez, pentsamendu suizidak emakume gazteen artean gehiago agertzen direla ondorioztatu dute, bereziki, 15 eta 24 urte bitarteko gazteen artean. Aldiz, gizonen heriotza tasa emakumeena baino handiagoa da adin tarte guztietan; nahiz eta arrisku faktorerik altuena 65 urtetik gorako gizonek duten.
Suizidioa prebenitzen diharduten euskal elkarteek gogorazi dute hurbileko ingurunea funtsezkoa dela suizidio arriskuaren seinaleak garaiz hautemateko. Ildo horretan, prebentzioan lan egiten duten adituek hainbat gomendio eman dituzte.
Besteak beste, zuzenean galdetzearen garrantzia azpimarratu dute; izan ere, horrek, antsietatea gutxitzen baitu eta pertsonari bizi duen sufrimenduari buruz hitz egiteko aukera eman diezaiokeelako. Era berean, aktiboki entzutea eta, batez ere, ez epaitzea ezinbestekoa dela azpimarratu dute. Bestalde, eskura egon daitezkeen baliabide kaltegarriak kentzeko gomendatu dute, hala nola, sendagaiak, objektu zorrotzak edo leku altuetarako sarbidea mugatzea.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista