U14ko kideen aurkako epaiketa atzeratu egin dute
Gizartea
Ainhoa Lainsa Merino
Astearte honetan burutzear zegoen U14ko kideen aurkako epaiketa atzeratu egin dute. Abokatuak adierazi duenez, dokumentuak beranduegi jaso ditu, eta hala udazkenera arte luzatu dute auzia: azaroaren 17an izango da Baionako Auzitegian.
2025eko uztailaren 14ean Ezpeletan egindako mobilizazio batengatik epaituko dituzte. Haien esanetan, Euskal Herriaren independentzia bide sozialista batetik lortu nahi dutela aldarrikatu zuten, eta liskarrik gabe gauzatu zuten arren, baimenik gabeko manifestazioa egitea eta poliziaren kontrako jarrera izatea leporatu diete auzipetuei, besteak beste.
U14 kolektibotik adierazi dute, epaiketak “argi” erakusten duela Frantziako Estatuak “jardun politiko eta militantea kriminalizatu” nahi duela eta “ahots disidenteak isilarazteko, edozein tresna martxan jartzeko prest” daudela. Bestalde, adierazi dute mobilizazio hartan aldarrikapen herrikoiak egin zituztela, eta “gazteriak bere egiten dituen iritzi zilegiak” plazaratu zituztela. Horren aurrean, argi utzi dute haien jarrera: “Horrek boterea trabatzen badu, nolabait kolektiboak bere lana ongi egiten duela esan nahi du”.

















