Asteburuan Usurbilgo goi-tentsioko linean izandako ezbeharra ikertzen ari da Ertzaintza
Gizartea
Ikerketa irekita dutela baieztatu digu Ertzaintzak, goi-tentsioko linea horrek segurtasun neurrien inguruko araudia betetzen duela ziurtatzeko. Zer eta nola gertatu zen, instalazioa nola zegoen, dena ari dira aztertzen. Hipotesi guztiak irekita daudela eta informazio gehiagorik eman gabe, ikerketa luzerako joango dela aurreratu digute.
Emaitzaren berri emango diote Usurbilgo Udalari, eta horren zain dago orain udala, neurririk hartu behar duen edo ez jakiteko. Bien bitartean, Iberdrolak ohar bat kaleratu du. Jakinarazi du istripua gertatu zen tentsio-dorrearen euskarria jabetza pribatuan dagoela, eta jabeari dagokiola segurtasuna mantentzea eta dorre horretarako sarbidea mugatzea, baita segurtasun-neurri egokiak eta nahitaezkoak mantentzea ere.