Skip to main content

Euskal selekzioak lehen dominak irabazi ditu Munduko Txapelketan

Kirola

Ane Garitaonandia Etxebarria

2026-10-21 11:03

Munduko Pilota Txapelketa joan den ostegunean hasi zen Argentinan eta Uruguain eta Euskal Selekzioa estreinakoz ari da ofizialki lehiatzen, beste hamalau herrialderekin batera.

Euskal Selekzioak urrezko eta zilarrezko lehen bi dominak bildu ditu zesta-puntako binakako finaletan, Argentinako eta Uruguaiko Munduko Pilota Txapelketan. Xabi Barandikak eta Unai Lekerikak historiako lehen urrezko domina eman diote Euskal Selekzioari. 54 metroko frontoiko zesta-puntako finala irabazi dute, AEBei nagusituta. Final borrokatua jokatu dute. Barandikak eta Lekerikak oso ondo ekin diote. Bi set irabazi dituzte, hala, domina etxerako gordeta.

Emakumezkoen finalean, berriz, Maite Ortiz de Mendibil eta Maia Goikoetxea zilarrarekin konformatu behar izan dira, finala galduta. Azken tantoetan borroka latza izan da, baina ez da posible izan eta Euskal Selekzioak amore eman du Espainiaren aurrean.

Hala, Euskal selekzioa hasi da uzta biltzen Munduko Txapelketan, eta lehenbiziko bi dominak irabazi ditu. Baina ez dira azkenak izango. Izan ere, euskal selekzioko pilotariek jada ziurtatu egin dute gutxienez beste sei final jokatzea. Euskal selekzioa parte hartzekoa zen hamabost modalitateetatik bitan domina irabazi du, beste seitan domina bat irabaziko du, beste batean brontzerako lehia jokatuko du, eta beste bostetan finalerdiak jokatuko ditu. 30 metroko frontoiko gizonezkoen paleta gomazkoan baino ez da geratu aukerarik gabe domina bat eskuratzeko.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista