Ehun ontzi tradizionalek hartu dute Pasaia, Itsas Festibalaren laugarren edizioari hasiera emateko
Kultura
Maria Blanco Martin
Pasaia Itsas Festibalaren laugarren edizioari hasiera eman diote ostegun honetan. Nazioarteko ehun ontzi inguru dabiltza Pasaiako badiako uretan nabigatzen, eta hala jardungo dute datozen lau egunetan. Marinelek haizea eta olatuak baliatu dituzte badia barruan zehar nabigatzeko.
Jaialdiaren inaugurazio-ekitaldian, urrunetik etorritako zein hurbileko egurrezko ontziek badiako barnealdea hartu dute. Besteak beste, ikusgai dira Morgenster belaontzi erraldoia, Notre Dame de Rumengol karga-gabarra tradizionala eta Étoile du Roy fragata kortsarioa.
Musikak girotu zuen arratsaldea: Pedro Pastor eta Bele musikariek San Pedroko frontoian eman zituzten kontzertuak. Ostiral goizean, berriz, Porrotx, Txo Mik Mak Txikia eta euskal baleazale bat umeekin elkartu dira San Pedroko udal-aretoan, San Juan baleontziaren historia eta ibilbidea bertatik bertara ezagutzeko.
Festibalaren baitan, beste itsas ekitaldi bat aurkeztuko dute: Galiziako Encontros jaialdia. 1993tik antolatzen den ekimena da, bi urtez behin egiten dena. Albaola Itsas Kultur Faktoriak 2001etik edizio guztietan hartu du parte, itsas kulturak uztartzeko asmoz, "bakoitzak itsasoaz duen jakintza, lanbideak eta pasioak elkarbanatzeko".

















