‘Hu. Egin dantza inor begira ez balego bezala’, Tabakaleran
Kultura
Ainhoa Lainsa Merino
Tabakaleran ikusgai da jada Huh. Bailad como si nadie os viera (Egin dantza inor begira ez balego bezala) erakusketa. Oliver Laxe zinemagile sarituak Sirat filmaren unibertsoarekin lotutako esperientzia sortzaile eta sentsoriala sortu du, azken hamarkadan Iranen eta Marokon grabatutako bideoen bidez.
Instalazioak bi espazio nagusi ditu: rave kulturako bozgorailuz osatutako piramide bat eta basamortuko irudiak erakusten dituzten hiru proiekzio. Esperientzia Kangding Ray musikariaren soinu-lanak osatzen du.
Proiekzioak hamabost minutuko iraupena du, eta etengabe errepikatzen da, ikuslea esperientzia fisiko eta sentsorial batean murgiltzeko helburuarekin. Irudien alderdi espektrala nabarmentzen duen unibertso bat eraikitzen du, eta, artistaren arabera, gorputzaren, paisaiaren eta espiritualtasunaren arteko lotura aztertzen du.
Erakusketa Reina Sofía Museoarekin elkarlanean sortu zen, eta han egon zen ikusgai 2025eko urritik aurrera. Orain, Tabakalerara iritsi da, zentroaren ezaugarrietara egokitutako espazio-antolaketa berriarekin. Egitasmoak zinemaren eta ikusizko arteen arteko nahasketatik sortzen diren proposamen berriak sustatzea du helburu, eta lankidetza horretara Donostiako Zinemaldia ere batu da, hiru erakundeen arteko sorkuntza eta berrikuntza artistikoaren aldeko konpromisoa sendotzeko.

















