Skip to main content

Maite Idirin euskal abeslaria hil da

Kultura

Maite Idirin euskal abeslaria 80 urterekin hil da, 1970eko hamarkadan euskal kantagintza eremuan zeresan handia izan duen emakume bizkaitarra eta feminista. Jendaurreko lehen kantaldia 1968. urtean Zeanurin egin zuen gitarra esku artean hartuta eta urte berean bere lehen diskoa kaleratu zuen ere garaiko abesti batzuk euskaratuz. 2014ko maiatzean, ohorezko euskaltzain izendatu zuten.

Ibilbide oparoa izan zuen musika munduan Idirinek, asko abesten zuelata amak erosi zion gitarra batekin ekin zion bideari. 1968an Durangoko azokan egon ostean, garaile atera zen Eibarko kantari sariketan Estitxurekin batera eta Hego Euskal Herri osoan zehar hasi ziren emanaldiak egiten.

Frankismopeko urteak ziren artean, eta euskal kulturaren aldeko jardunaren albo kalteak ere hurbiletik bizi izan zituen Idirinek. Iaz UEUk argitaratutako Maite Idirin, herrigintza kantuz liburuan hala nabarmendu zuten Jokin Apalategik eta Paulo Iztuetak: «Ordura arte zeraman lan-bizitza utzi eta orduan herrigintzan kantuz saiatzeak zeuzkan arrisku guztiekin horretan murgildu zen. Berehala ordaindu behar izan zuen aukerazko militantzia hura: Espainiatik korrika ihes atera beharra, eta Frantzian astero poliziaren bulegoetan aurkeztu beharra bi urtez. 1973An bueltatu zen Euskal Herrira eta Parisetik maleta ez-ezik, feminismoaren baloreak eta ezagutza ere ekarri zituen. Bertan emakumeek euskal kulturan zuten presentzia urriaz hausnartu zuen eta egindako elkarrizketetan horren inguruko adierazpenak ematen zituen.