Skip to main content

Akordioa lortu dute EH Bilduk eta EAJk euskara eskakizunen auzian

Politika

Maite de Felipe Suso

2026, eka. 25 - 16:06

Euskal Enplegu Publikoaren Legea erreformatzeko akordioa lortu dute EH Bilduk eta EAJk. Alderdi jeltzaleak egindako proposamena aurrera aterako da, EH Bilduk abstentzioa eman ostean. EH Bilduk ere bere testua aurkeztu zuen arren ez zuen behar adinako babesik lortu eta, beraz, ez zen aurrera atera. EAJren proposamenak ez baditu “bere helburu nagusiak betetzeko bermeak” testu berri bat lantzen hasiko direla iragarri dute, Kataluniako eta Galiziako ereduetan oinarrituta egongo dena.

Bi alderdiek konpromiso politiko batzuk hitzartu dituzte. Batetik, EAJk bultzatutako testua onartzearen xedea “euskal administrazio publikoetan euskararen normalizazioa bermatzea” da. Ildo horretan, EH Bilduk eta EAJk kontrasterako, jarraipenerako eta ebaluazioarako batzordea sortuko dute. Helburua, azaldu dutenez, onartutako aldaketen eraginkortasuna egiaztatzea izango da.

Eraginkortasun hori neurtzeko bi irizpide zehaztu dituzte. Alderdi Popularrak eta Voxek aurkeztutako helegiteen ondorioz, EAEko Auzitegi Nagusiak Espainiako Auzitegi Konstituzionalari euskara eskakizunak konstituzioarekin bat datozen argitzeko eskatu dio. Azaldu dutenez, horren ebazpena iristen denean, EH Bilduk eta EAJk “haren edukia eta irismena” aztertuko dituzte. Eta bigarrena da lan eskaintza publikoetako lan eskakizunen aurka jurisprudentzia “irmo, askotariko eta egiturazkoa” egotea.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista