Skip to main content

EH Baik ostegun honetan aurkeztu du bere II. Kongresua

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, uzt. 03 - 13:07

EH Baik ostegun honetan aurkeztu du bere II. Kongresua. ‘Gero eta gehiago, construisons demain’ lelopean egingo dute, urritik urtarrilera bitartean. Azaldu dutenez, gaur egungo erronkei erantzun egokiak emanez eraiki nahi dute etorkizuna, eta horretarako Euskal Herriarentzat proiektu politiko sendo bat behar dela defendatu dute.

Lehen kongresua 2022an egin zutenetik lau urte igaro direla gogorarazi dute, eta denbora horretan nazioarteko egoera politikoa nabarmen aldatu dela adierazi dute. Haien esanetan, agenda erreakzionarioa inposatu da eta nazioarteko zuzenbidea bera ere hankaz gora geratu da. Frantziako Estatuak, gainera, krisi politiko, sozial eta instituzional sakona bizi duela nabarmendu dute.

Testuinguru horretan, eskuin muturraren gorakadaren aurrean, Euskal Herriaren izaera eta ahots propioa indartzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, herri proiektu demokratiko baten alde ahalik eta babes eta indar handiena biltzeko deia egin dute.

Hala, EH Baik politika egiteko molde zaharrak albo batera utzi eta etorkizunaz elkarrekin eztabaidatzeko, erabakitzeko eta antolatzeko garaia dela adierazi du. Hain zuzen ere, II. Kongresu hau horretarako plaza izango dela nabarmendu dute.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista