EH Bilduk Nerea Kortajarena eta Maria Del Rio proposatu ditu Donostiako eta Bilboko alkategai izateko
Politika
Ainara Arrizabalaga Sorazu
EH Bilduk Nerea Kortajarena Ibañez proposatu du 2027ko maiatzaren 23an egingo diren udal-hauteskundeetan Donostiako Udalerako aurkeztuko duen hautagaitzaren buru izateko. Bilboko Udaleko alkategai izateko, berriz, Maria Del Rio Pereda proposatu du.
Koalizio subiranistak azaldu duenez Kortajarena EH Bilduren Programa idazkaria da gaur egun eta legebiltzarkidea 2016tik. Gaineratu dutenez, alkategaiak “Donostiak behar duen norabide aldaketa bideratzeko beharrezko bermeak eskaintzen ditu”, eta ezker independentistaren komunitatearen barruan “oso baloratuta” dagoen profila dela adierazi dute.
Bestalde, EH Bilduren iritziz, Maria Del Rio Pereda “hirian eraldaketa ziklo berri bat gidatzeko, bilbotarrak erdigunean jartzeko eta bizi proiektu duinak garatzen direla bermatzeko” aukera egokia da. Era berean, alderdiak jakinarazi du Del Riok lau urteotan proiektuaren alde lan egin duela eta “geroz eta gehiengo sozial zabalago baten babesa duela”.
Joseba Asiron Iruñeko alkategai proposatu du EH Bilduk, baina, momentuz, koalizioak ez du zehaztu nor izango den Gasteizko alkategaia.

















