Skip to main content

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen poliziak URSSA eta EGA fabriketan egindako hustuketak salatzeko

Politika

Maite de Felipe eta Mikel Lopez

2026, Maiatza 29 - 12:05

Elkarretaratzea egin dute Gasteizen poliziak URSSA eta EGA fabriketan egindako hustuketak salatzeko. Gasteiz Antiarrazistak deitu du protesta, adierazi dutenez operazio poliziala “eraso arrazista” izan baitzen. Are gehiago, kolektiboaren arabera, poliziak egindako hustuketa hainbat komunikabiderekin elkarlanean egin zuten, euren ustez, “diskurtso arrazista hauspotzeko asmoz”.

Gaineratu dute, desalojoan lantegietan bizi ziren lagunei dokumentazioa kendu eta ohartarazi zieten deportatuak izateko arriskuan zeudela. Poliziak fabriketan zituzten gauzak lapurtu eta puskatu izana ere deitoratu dute. Horrez gain, salatu dute soilik poliziak eta komunikabideek izan zutela baimena toki horietara sartzeko aukera, aldiz, zerbitzu sozialek ez. Kolektiboak adierazi du, hedabideek argitaratutako irudi eta bideoek “bertan bizi zirenen intimitate eskubidea urratu dutela”.

Asteazken honetan hustu ditu poliziak URSSA eta EGA fabrikak, “lapurretak prebenitzeko dispositiboa” zela argudiatuz. Bertan bizi ziren pertsonak identifikatu eta Atzerritartasun Bulegoarekin hitzordua eman diete hurrengo egunetarako.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista