Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat eman du Garikoitz Aspiazuren espetxetik irteteko erabakia
Politika
Ainhoa Lainsa Merino
Espainiako Auzitegi Nazionalak ontzat eman du Garikoitz Aspiazu ‘Txeroki’-ren espetxetik irteteko erabakia. Joan den astean, Eusko Jaurlaritzak ETAko kide ohiari astelehenetik ostiralera kartzelatik ateratzeko baimena eman zion, eta orain Fiskaltzak erabakiari onespena eman dio.
Aspiazu 2008an atxilotu zuten Frantzian, ETAko kide izatea egotzita, eta 2024an Donostiako Martutene espetxera aldatu zuten. Espainiako eta Frantziako auzitegietako ebazpenek ia 400 urteko espetxe-zigorra osatzen dute.
Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari asteartean bidalitako prentsa-ohar baten bidez helarazi dio bere iritzia Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiaz. Bertan, ETAko biktimen aldeko jardunean Aspiazuren “konpromiso serioa” nabarmendu du, eta beharrezko alegazioak aurkeztu ditu espetxe araudiak ezarritako baldintza guztiak betetzen direla bermatzeko.
Araudi horren 100.2 artikulua aplikatuta eman dio ateratzeko baimena Justizia eta Giza Eskubideen sailak. EFE agentziaren arabera, dokumentuak hainbat baldintza betetzea eskatzen du halako egoeretan: eragindako kaltea aitortzea, damuaren zantzu argia eta zalantzarik gabea erakustea, erakundetik aldentzea, eta biktimei barkamena eskatu eta erreparatu, jarduera behin betiko uztearen adierazpen funtsezko gisa.

















