Skip to main content

Eudelen aurrekontuak bertan behera geratu dira

Politika

Ainhoa Lainsa Merino

2026, ots. 20 - 12:02

Eudelen 2026rako aurrekontuak bertan behera geratu dira. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Udalen Elkarteak ostegunean egin du urteko batzarra, aurten Zumarragan. Bertan, aurrekontuak onartu ala ez bozkatu dute, baina ez dute beharrezko gehiengo kualifikatua lortu.
Elkartearen estatutuen arabera, aurrekontuak onartzeko botoen %60 beharrezkoa da; %59 izan da aldeko bozken kopurua. Beraz, zazpi botoren faltan, ez dituzte onartu.
Esther Apraiz elkarteburua atsekabetuta agertu da, eta adierazi du ezin izan dela aurrera atera “elkarteak behar bezala funtzionatzeko” eta EAEko udal guztiei “zuzeneko zerbitzu politiko eta teknikoa emateko funtsezko tresna bat”.
Bozketan, EH Bilduko kideek abstentzioa eman dute. Honen aurrean, PSEko ordezkariek “honekin eragin duten aurrekontu blokeoa inkoherentziaz betetako taktizismo elektoralistari” lotuta dagoela iritzi dute, “bere botoa aurrekontuetatik kanpo dauden gaietara baldintzatu baitu”.
Bestalde, Nagore Alkorta presidenteordeak, Azpeitiko alkate ere badenak, azaldu du aldeko bozka eman nahi zutela, baina “dagoen egoeran” ezinezkoa izan zaiela.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista