Gurutzetako ospitaleko zuzendari medikoak eta zuzendariordeak kargua utzi dute
Politika
Maria Blanco Martin
Irama Villar Gurutzetako ospitaleko zuzendari medikoak eta Maider Garmendia zuzendariordeak dimisioa eman dute asteazken honetan. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi duenez, medikuen grebaren ondorioz presioa areagotu egin da, eta horregatik hartu dute erabakia. Asmo horren berri eman zioten Osasun Sailari joan den ostiralean.
Osakidetzako zein Osasunbideko medikuak Espainiako Osasun Ministerioak ezarri nahi duen esparru-estatutu berriaren aurka ari dira protestan; hain zuzen ere, haien berezitasunak ez direla aintzat hartzen salatzen dute, eta negoziazio-bide propioa eskatzen dute.
Nahiz eta ministerioak sindikatu batzuekin estatutua hitzartu, honek ez du medikuen onespenik. Hala ere, Espainiako Ministroen Kontseiluak estatutu berria onartu du astearte honetan. Gaur-gaurkoz, medikuek greban jarraitzen dute, eta datorren ekainaren 14tik 19ra egingo dute hurrengo lanuzte-astea. Dagoeneko bost protesta-aste egin dituzte.


















