Skip to main content

Hainbat euskal sortzaile, kirolari eta akademikok bat egin dute faxismoaren eta autoritaritarismoaren aurkako manifestuarekin

Politika

Xabi Ealo

2026-11-09 12:40

'Gure etxeak zutik iraungo du' du izena 36 euskal sortzaile, kirolari eta akademikok sinatu duten manifestu antifaxista eta antiautoritarista.

Sinatzaileek uste dute bizi dugun egoerak konpromiso kolektiboa eta erantzun partekatua eskatzen dituela. “Nazioarteko botere egiturek beren nagusitasuna bermatu nahi” dutela adierazi dute, eta gaineratu, “mehatxua ate joka” daukagula. Izan ere, manifestuak ohartarazi du nazioarteko testuingurua gero eta kezkagarriagoa dela, autoritarismoa indartzen ari delako, eta demokrazia, herrien askatasuna eta nazioarteko zuzenbidea kolokan jartzen ari direlako.

Hauteskunde ziklo betean burujabetzaren, eskubideen eta askatasunen alde egiteko dei egin dute, sinatzaileen iritziz, une honetan jokoan baitaude Euskal Herrian autogobernua, euskara, eskubide sozialak eta langileen zein herri-sektoreen eskubideak.

Horiek horrela, kaleak hartzearen beharra azpimarratu dute azaroaren 11n etxebizitza eskubidearen alde deitutako greba orokorrean; azaroaren 14an, Bilbon EH Bilduk deitutako 'Badatorren Euskal Herria defendatu' lelopean egingo den manifestazioan. Azaroaren 21ean Baionan euskararen aldeko manifestazioan eta azaroaren 28an Canon françaisearen aurka Biarritzen.

“Konpromisoen garaia da”, gehitu dute manifestuan; “gizarte askeago eraiki nahi dugu, bidezkoagoa, solidarioagoa, demokratikoagoa; Euskal Herriak bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko aukera eraiki nahi dugu”, amaitu dute.

Sinatzaileen artean Pirritx eta Porrotx pailazoak, Ramon Agirre aktorea, Garazi Arrula idazlea, Oihana Azkorbebeitia mendi lasterkalaria, Jule Goikoetxea idazle eta filosofoa edota Itziar Ituño aktorea. Orotara, 36 izan dira atxikimendua erakutsi diotenak, eta dagoeneko manifestua babestu eta sinatzeko aukera dago.

Dena den, argitu nahi izan dute manifestuak ez duela soilik arriskuez ohartarazi nahi, eraikitzeko borondatea ere adierazten duela.

Euskal komunitatea elkartzeko eta euskaraz bizitzeko.

Hamaika Telebista