Pintada faxistak eta xenofoboak salatzeko elkarretaratzea egin dute Leitzan, larunbat honetan
Politika
Maite de Felipe
Pintada faxistak eta xenofoboak salatzeko elkarretaratzea egin dute Leitzan larunbat honetan. Izan ere, Torrea Herriko Taberna erasotua izan dela jakinarazi dute. ‘Hau España da, islam ez’ bezalako pintadekin eta sinbolo faxistekin paretak bete dituztela azaldu dute.
Torrea Elkarteak adierazi duenez “pintada horiek ultraeskuinari hamarkadatan baimendu zaizkion mantra ideologikoen esloganak dira”. Ildo horretan, azpimarratu dute “Euskal Herri xehearen eta bere identitatearen zapalkuntza eta asimiliazioari aurre egiteko Ezker Abertzaleak 90eko hamarkadan Torrea sortu zuela, norbanakoak saretu, antolatu eta ahalduntzeko tresna gisa”.
Azpimarratu dute egindako bideaz "harro" daudela, eta ziurtatu dute edozein erasoren aurrean "zutik eta tinko" jarraituko dutela eta faxismoaren gorakadari "matxinada antifaxistarekin" erantzungo diotela.

















