Santurtziko udaltzainburuak dimisioa eman du eta bi afera argitu gabe utzi ditu
Politika
Xabi Ealo
Santurtziko udaltzaingo buruak dimisioa eman du arrazoi pertsonalak argudiatuta, El Correo egunkariak argitaratu duenez. Ibon Iturrasperen dimisioa Santurtziko udaltzaingoa krisi betean dagoenean etorri da; izan ere, oraindik ere ez daude argituta poliziaren ofizialorde kargurako Lan Eskaintza Publikoaren afera, alde batetik, eta bestetik, pasa den ekainean gertatutako Ander gaztearen hilketa.
Hala ere, aipatutako egunkariak LEParen aferari egozten dio dimisioaren arrazoia. Gogoratu dezagun pasa den apirilean Santurtziko Udalak itxi egin zuela afera ikertzeko batzordea, oposizioaren kontrako iritziarekin. Batzordean Iturraspek onartu zuen azterketa publikoaren galderen zaintza katea hautsi zela, eta horrek erraztu zuela filtrazioa. Orduan, Karmele Tubilla Santurtziko alkatea zenak Sonia Lopez Segurtasun zinegotzia kargugabetu zuen, eta otsailean Tubillak berak eman zuen dimisioa.
Hori argitu barik, pasa den ekainean Ander hil zuen udaltzaingoak esku hartzearen ondorioz. Udalak hasieratik onartu zuen taser pistola erabili zutela udaltzaingoek gaztea murrizteko, eta handik bi egunera hil zen Gurutzetako erietxean. Kasua argitze aldera, EH Bilduk galdera sorta planteatu zuen; oraindik, baina, ez Iturraspek berak ez eta Itziar Carrocera alkateak ere ez dute erantzunik eman.
Dena den, Santurtziko Udalak eskerrak eman nahi dizkio Iturrasperi egindako lanarengatik, eta era berean, iragarri du lanean ari dela ordezkoa bilatu arteko trantsizio ordenatuan.

















