Ander Sierra, Teknikariok: "Gure baldintzak orokorrean ez dira onak; eta gainera hitzarmenik gabe bagaude..."
Elkarrizketa
Ander Sierra Teknikariok sindikatuko kidea izan da Hamaikako platoan. Pasa den maiatzaren 15ean egin zuten greba hizpide, sektoreko langileen baldintzei eta dituzten aldarrikapenei buruz aritu da hizketan.
Izan ere, ikuskizun eta ekitaldietako teknikariak hitzarmen propioa izatearen alde ari dira borrokan. Duela bi urtetik patronalarekin eztabaida blokeatuta egonik, mobilizatzeko garaia dela erabaki dute. Sierraren esanetan, sektoreko langileen egoera "oso zaila da": Udako denboraldian soilik egin ohi dute askotan lan, 12, 14 edota 16 ordura arteko lanaldietan, asteburu eta jaiegunik ordaindu gabe eta, kalean aritzen direnen kasuan, askotan "benetako komun bat" gertu izan gabe, besteak beste. Gauzak horrela, "bizi proiektu bat" izatea "oso zaila" dela baieztatu du Sierrak, bai eta "dentistarako hitzordua ateratzea ere".


















