Erabilera (Asko erabiltzen da euskara, dagoen gaitasunerako)
Euskararen egoera gakoak
Euskararen eta erdaren erabilera aztertuz gero, Euskal Herriko kaleetan entzundako 8 elkarrizketetatik bat da euskaraz. Gainerako 7ak erdaraz dira.
Euskaraz dakiten herritarrak %30 dira, baina erabilera askoz ere txikiagoa da: %13k erabiltzen du euskara erdara baino gehiago.
Euskaraz dakiten herritarrek askotan ez dute euskaraz egiten… zergatik? Hasteko, askotan ezin dutelako euskaraz egin. Mintzakideek euskaraz ez dakitelako. Batez beste, horrelako egoeretan topatzen gara gaur egun euskaldunak, hiru egoeretatik batean.
Horrez gain, euskaldun askok erdarara jotzen dute, ez direlako euskaraz erraz aritzeko gai. Nahikoa euskara ez dakitelako.
Hau da, hiztun elebidunek hizkuntza batean edo bestean aritzeko duten erraztasuna giltzarria da hizkuntza baten eta bestearen erabilera ulertzeko. Norberak errazago egiten duen hizkuntzara jotzea izaten da arruntena. Eta ondorioz, euskaldunen jardunaren zati handi bat erdaraz da.
Askotan entzun dugu, “euskararen ezagutza handitu da, baina euskaldunok ez dugu erabiltzen”. Orain ikusiko dugu uste hau erdia ustela dela.
Egia bestelakoa da: euskaraz errazago egiten duten euskaldunek ia erabat egiten dute euskaraz horretarako aukera duten bakoitzean.
Horien ondoan, gainera, deigarria da erdaraz euskaraz baino errazago egiten duten elebidunen portaera: hauek ere gehiago jotzen dute errazago egiten duten hizkuntzara, erdarara, baina euskaraz aritzeko aukera duten egoeretan, askok euskarari heltzeko hautua egiten dute, erdaraz hobeto aritzen diren arren.
Euskararen erabilera, ondorioz, dezente handiagoa da hiztun-gaituen kopuruak eman zezakeena baino. Bi hitzetan esanda: dagoen gaitasunerako, euskara asko erabiltzen da gaur egun. Gaitasunak berez ekarriko lukeena baino handiagoa da erabilera.