Skip to main content

Niko Cuenca, ekonomialaria: “Interes tasen beste igoera txiki bat etor daiteke”

Gure begiz

Niko Cuenca ekonomialariarekin aztertu dugu testuinguru ekonomikoa. Cuencaren esanetan, gero eta hipoteka gutxiago eskatzen dira, eta horrek erabateko lotura du Euriborraren igoerarekin: “Lau puntu eta erdi igo da urte eta erdian, eta horrek izugarri garestitu ditu maileguak. Batez besteko maileguak aintzat hartuta, hileroko kuota 200-300 euro igo da”. Hori horrela, Cuencak azaldu du erosten diren etxeetako asko aurrezkiekin finantzatzen dituztela, eta herritar askok ez duela mailegurik eskatzen. Horrez gain, gehitu du hainbat herritar azken urteetan pilatutako gordailuekin ari direla maileguak amortizatzen eta kitatzen, une honetan bankuek ez dutelako bereziki asko ordaintzen gordailuengatik, eta interes tasak igotzen ari direlako.


Irailaren 14an bilduko da Europako Banku Zentrala, eta bertan erabakiko da interes tasekin zer egin. Urrian izango da hurrengo bilera, eta Cuencak azaldu du balizko egoera etor daitekeela: “Hasiera batean, uste izan zen uda aurreko igoera azkena izanen zela, baina agintarien azken mezuak ikusita beste igoera txiki bat etor daiteke”. Hala ere, Cuencak nabarmendu du Europako ekonomia moteltzen ari dela, baina ez dagoela “geldirik”, eta ez dagoela “atzeraldirako arriskurik”.