Bosgarren greba asteari hasiera eman diote medikuek astelehen honetan
Ekonomia
Maite de Felipe Suso
Astelehen honetan ekin diote medikuek bosgarren greba asteari. Aldarrikapen argia dute langileek: haien lan baldintza propioak jasoko dituen estatutu propioa nahi dute. Dena den, negoziazioak “ez doaz ondo”, azaldu dutenaren arabera, eta beraz, baliteke irailean mobilizazioekin jarraitzea.
Izan ere, aste honetakoa izango da uda aurreko azken greba deialdia. Sindikatuek baieztatu dute “arduragatik” ez dutela udan mobilizazio gehiago deituko; gaineratu dutenez, “osasun-sistemarentzat etapa konplexua da, profesionalen murrizketagatik eta oporraldiagatik”.
Aurreko astean EAEko medikuek Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari “euren eskaerak hemen konpondu behar direla” eskatu zioten. Eskaerari erantzuna eman dio Alberto Martinezek Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak Radio Euskadin egin dioten elkarrizketan. Sailburuak azpimarratu du medikuekin negoziazioak abiatu dituela egoera bideratzeko. Baieztatu du hainbat gai eurek konpondu ditzazketela, esaterako librantzen sistema “hobetzea” edota guardia sistema aldatzea.
Bestalde, Martinezek elkarrizketan jakinarazi du uda ostean osasungintzari buruzko “iragarpen garrantzitsua” egingo dutela, haren hitzetan, “azken bi hamarkadetako iragarpen garrantzitsuenetakoa”.

















