ELAk eta LABek Pradalesi eskatu diote presioa sartzeko patronalari negoziatzera esertzeko
Ekonomia
Ane Garitaonandia Etxebarria
ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntza eta LABeko koordinatzaile orokor Garbiñe Aranburu Imanol Pradales lehendakariarekin eta Mikel Torres lehendakariordearekin bildu dira gaur. Bi sindikatuek eskatutako bileraren helburua izan da gutxieneko soldata propioaren aldeko ekimenak sustatzea.
Lehenik, ELAk aldarrikatu du Eusko Jaurlaritzak borrokatu egin behar duela Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) erabakitzeko eskumenak lortzeko. Gauzak horrela, Pradalesi eskatu dio Confebaski Elkarrizketa Sozialaren Legearen bidez emango zaion gainfinantziaketa bertan behera uzteko, “patronalak ez duelako bere eginkizunak betetzen”.
Lidergo handiagoa eta konpromiso argiagoa eskatu dio LABek Pradalesi gutxieneko soldata propio bat ezartzeko. Batetik, adierazi dute Pradalesen Gobernuak patronala interpelatu behar duela zuzenean, dei egin behar zaiola negoiatzera eser dadin. Bestetik, gutxieneko soldata bezalako gai batean langileen bizi baldintzak duintzeko ezinbestekoa den neurriak hartzea eskatu dio.

















