Hasi dira Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGTk deitutako Osakidetzako mobilizazioak
Ekonomia
Maite de Felipe Suso
Asteazken honetan ekin diete Osakidetzan Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deitutako mobilizazioei. Osasun publikoan lan egiten duten kolektibo guztientzat lan eskubideak eta “irtenbide errealak” aldarrikatzen dituzte. Sindikatuek jakinarazi dutenez, langileak urteak daramatzate lan baldintza hobeak eskatzen, eta jada “nekatuta” daude.
Ildo horretan, sindikatuek azaldu dute ezinbestekoak direla langileen ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea, lizentzietan eta baimenetan “benetako aurrerapenak” egitea, eta enpleguaren egonkortasuna bermatzea.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egin dituzten kontzentrazioak “mobilizazio dinamika” baten hasiera baino ez dira, sindikatuek azaldu dutenez. Izan ere, gogorarazi dute urriaren 30ean eta abenduaren 9an, 10ean, 11n eta 14an berriro ere kalera aterako direla.
Halaber, deitzaileek herritarren elkarte eta plataformei, eragile sozialei eta alderdi politikoei dei egin diete “euskal osasun publiko indartsu, irisgarri eta kalitatezkoaren” alde burutuko diren mobilizazioekin bat egin dezaten.

















