Lanuzteei ekin diete Gasteizko Alestis Aerospace enpresako langileek
Ekonomia
Maite de Felipe Suso eta Mikel Lopez de Ciordia
Astelehen honetan hasi dituzte lanuzteak Gasteizko Alestis Aerospace enpresako langileek. Azaldu dutenez, txanda bakoitzean bi orduko geldialdiak egingo dituzte. Era berean, hilaren 26an eta 28an ere geldialdiak egingo dituzte. Hori gutxi ez, eta enpresak jarrera aldatu ezean, ekainaren 2an, 4an, 9an eta 11n lau orduko lanuzteak egingo dituztela jakinarazi dute.
Sindikatuek enpresako langileek gero eta lan karga handiago dutela salatu dute, eskaerak handitzen ari baitira. Horrek, enpresaren etekinak “etengabe gora” egitea eragin du, baina, aldiz, adierazi dute, ez dela langileen baldintzetan islatu. Gainera, azaldu dute, enpresak “eskubideak murrizteko” aukera mahaigaineratu duela eta ez dituela KPIaren gainetik dauden soldata igoerak onartuko.
Alestis Aerospace konpainiako enpresa batzordea UGT, ELA, LAB eta CGT sindikatuetako bina ordezkarik osatzen dute. Denek bat egin dute enpresak lan hitzarmenaren negoziazioan duen jarrera kritikatzeko.


















