Arabar boloak sozializazio tresna gisa erabiltzen dituzte herritarrek
Gizartea
Maite de Felipe eta Mikel Lopez de Ciordia
Arabar bolo-jokoa Arabako kirol tradizional adierazgarrienetakoa da, euskal kirol ondarearen parte dena. Egurrezko bola batekin jokatzen da; 2,5kg eta 3kg arteko pisua izan ohi du, eta ohol estu batean zehar jaurtitzen dute, pistaren amaieran jarritako boloak botatzeko.
Urteetan zehar, funtsezko gizarte jarduera zen bola jokoa, eta Arabako herri gehienetan elizatik gertu bolatokiak kokatzen ziren. Bertan herritarrak biltzen ziren, jaiak ospatzen ziren eta apustuak ere egiten ziren.
Arabar bolo jokoaren barnean disziplina desberdinak dauden arren, ezagunena Arabako Lautadan jokatzen dutena da. Dena den, lurraldeko eremu bakoitzak bere berezitasunak ditu jokatzeko moduari dagokionez, bai lekuaren antolamenduari, bai arauei dagokienez ere.
Erraza dirudien arren, diziplina honek zehaztasun tekniko handia, jaurtiketaren kontrola eta pistaren ezagutza eskatzen ditu. Helburua pistaren amaieran dauden lau boloak botatzea da, edo behintzat, horietako baten bat lurreratzea. Zenbat eta bolo gehiago bota, orduan eta puntuazio handiagoa lortuko du jokalariak.
Parte-hartzaileek adierazten dutenez, zailena bola taularen amaierara behar bezala lerrokatua iristea da, bertan dagoen lehenengo boloa –kantoia izenekoa- jo eta gainerakoen gainean kate-erreakzioa sortzea.
XIX. eta XX.mendeekin alderatuta bolo jokoak ospea galdu duen arren, Arabako klub, federazio eta txapelketei esker bizirik dirau oraindik ere. Asteburuetan jokalariek herri arteko txapelketak izaten dituzte.
Horrez gain, Gasteizko jaietako hitzordu nagusietakoa ere bada bolo jokoa. Baina, noiz ospatu zuten lehenengo txapelketa? Zehazki, 1945eko abuztuaren 12an, igandean, Arabako lehenengo Bolo Txapelketa ospatu zen Gasteizko Abere Plazan. Orduko ekitaldi hori Gasteizko Udal Aurrezki Kutxak antolatu bazuen ere, gaur egun jada Arabako Bolo Federazioa existitzen da. 1965. urtean sortu zuten, hain zuzen.
Herri arteko lehenengo txapelketak, berriz, 1977tik aurrera antolatzen hasi ziren, eta ekitaldi hauek izan dira, gehienbat, arabarren bola zaletasuna suspertu dutenak.
Izan ere, arabar boloa kirol hutsa baino askoz gehiago da jokalarientzat, herriko bizitzaren eta komunitatearen bihotzean dagoen topagunea. Bolatokian auzokideak elkartzen dira, adin eta jatorri desberdinetako pertsonak harremanetan jartzen dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako istorioak, ohiturak eta bizipenak partekatzen dituzte. Bertan lagunartea sendotzen dute, jende berria ezagutzeko aukera sortzen da eta herritarren arteko loturak indartzen dituzte. Horregatik guztiagatik, Arabako boloa ez da soilik trebetasuna eta lehia uztartzen dituen kirola; herriaren kohesioa, elkartasuna eta gizarte harremanak bizirik mantentzen dituen tradizio bizia ere bada.


















