Etxebizitza eskubidearen aldeko mozioak aurkeztuko ditu Kaleratzeak Stopek udaletan
Gurean Gaur
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako etxe kaleratzeen aurkako plataformek mozioak aurkezteko kanpaina abiatu dute, NBEren etxebizitzen inguruko irizpena bete dadin. Horrez gain, Kaleratzeak Stop plataformak eskatu du praktikan jar dezatela Eusko Jaurlaritzak, Eudelek eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiak 2013an sinatutako akordioa.
NBEren erabaki hori 2017ko ekainaren 20koa da, eta zehazten du arrazoizko neurri guztiak hartu behar direla, balia daitekeen gehiengoa, etxebizitzarako eskubidea bermatzeko, bereziki, bazterketa arriskuan daudenen edo seme alaba adingabeak dituztenen kasuan. Jaurlaritzaren, Eudelen eta Botere Judizialeko Kontseilu Nagusiaren arteko akordioak, berriz, familien kanporatzeen aurrean gizarte neurriak hartzeko konpromisoa jasotzen du. Plataformako ordezkarien ustez, akordioak hedabideetan oihartzuna eduki badu ere, ez duelako ondorio onuragarririk eragin.
Kaleratzeen aurkako plataformek Donostian egindako agerraldian parte hartu dute EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko, Ezker Anitzako eta Irabaziko eta sindikatuetako ordezkariek ere. Eta emandako datuen artean, nabarmendu dute 2017an, 1.196 etxe kaleratze egin zirela EAEn, horietako %75 alokairuan zeudenenak. Egoera hori premia larrikoa dela zehaztu dute, eta erakunde publikoek esku hartzea ezinbestekoa dela.
Horrez gain, Etxebidek eskaintzen duen alokairu soziala ere ez dela nahikoa salatu dute, horren beharra duten 62.000 familiaren eskaerak daudelako eginda Eusko Jaurlaritzan. Hargatik, mozioen bidez, udalei eskatuko diete alokairu publikoaren eskaintza areagotu dezatela, hutsik dauden etxeei kanon bat kobra diezaietela eta eta beharrean daudenei aterpe egonkorra berma diezaietela.