Skip to main content

Bordeleko errektoreak euskarazko azterketen eskaeran aurrerapenak agindu ditu

Gizartea

2025, Maiatza 27 - 10:05

Maiatzaren 23an, ostirala, danborrada erraldoia egin zuten Baionan euskarazko hezkuntza bermatzeko baliabide gehiago eskatzeko Seaskako ikasle, irakasle eta gurasoek danbor hotsen bidez baliabide duinak eta euskarazko azterketak egiteko eskubidea aldarrikatu zuten. Neurri zehatzak nahi dituzte, heldu den ikasturterako irakasle postuak argitzea eta azterketak euskaraz egiteko eskubidea bermatzea.

Testuinguru horretan, astelehenean, Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektoreak Angeluko ikastola bisitatu du. Antton Etxeberri Seaskako lehendakariordeak esan du “positiboa” dela errektorea ikastola bisitatzera joan izana, lehen aldia baita Frantziako hezkuntza administrazioko maila horretako ordezkari bat Seaskaren ikastetxe batera doana.

Jean-Marc Huart Bordeleko Akademiako errektoreak adierazi du aurrerapenak izango direla euskarazko azterketen eskaeran. Seaskako ordezkariekin izandako bileraren ostean, Huart-ek konpromisoa hartu du azterketak euskaraz egiteko aukeraren inguruan aurrera egiteko. Horretarako, datozen egunetan bilera tekniko bat egingo da Bordelen, DGESCO (Frantziako Hezkuntza Ministerioaren Eskola Irakaskuntzako Zuzendaritza Nagusia) eta Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) batera, azterketen gaia lantzeko.

Errektoreak azpimarratu du garrantzitsua dela euskara ikasten duten ikasleek azterketak euskaraz egiteko aukera izatea, eta haien ikaskuntza balioztatzea. Horrez gain, euskarazko irakaskuntzaren egitura piramidala aldatzeko nahia agertu du, ikasleek euskarazko ikasketekin jarraitzeko aukera izan dezaten kolegioan eta lizeoan ere. Horretarako, irakasle gehiago behar direla aitortu du, eta kalitatezko irakaskuntza bermatzeko lan egingo dutela adierazi du.
Azkenik, Seaskaren hitzarmena 2022an iraungi zela gogorarazi du Huart-ek, eta hitzarmen berri bat landu behar dutela Seaskarekin eta EEPrekin batera.

Hamaika Telebista