Poliziak atxilotutako zortzi gazteei elkartasuna adierazteko kontzentrazioak egin dituzte
Politika
Maite de Felipe Suso
Astearte honetan kontzentrazioak egin dituzte Antsoainen, Berriozarren eta Txantrean, Guardia Zibilak eta Foruzaingoak atxilotutako zortzi gazteei elkartasuna adierazteko. ‘Atxilotuak askatu, Faxismoaren normalizazioari ez’ lelopean hartu dituzte kaleak, eta salatu dute atxiloketak bortizki egin dituztela. Hain zuzen ere, azaldu dutenez bost kasutan atea bota eta aurretik abisatu gabe sartu dira etxeetara.
Horiek horrela, atxilotutako batzuei liskarrean parte hartzea egotzi diete; besteei, berriz, herrian Nucleo Nacional taldeko ultraeskuindarrak zeudela jakinaraztea leporatu diete. Momentuz, Foruzaingoak esandakoaren arabera, operazioak zabalik eta sekretupean jarraitzen du, eta printzipioz aste bukaerara arte mantentzeko asmoa dute.
EH Bilduk, bere aldetik, polizia operazioaren “neurrigabekeria” salatu du. Alderdiak aitortu duenez, “ez datoz bat erabilitako modus operandiarekin”, eta gaineratu dute “olatu erreakzionarioaren aurkako antidotoa mobilizazio masiboa” dela.
Gertakariak uztailaren 19an izan ziren, aurpegia estalita zeramaten hainbat lagunek taberna batean Munduko Futbol Kopako finala ikusten ari zen militar talde bati aurre egin zioten. Lekukoek azaldu dutenez, militarretako batek sinbologia nazia zeraman, Nucleo Nacional taldearen kamiseta bat, zehazki. Liskarrean hainbat pertsona zauritu ziren, eta Guardia Zibilak ikerketa abiatuko zuela adierazi zuen.

















